Jean-Paul Sartrek erdi txantxetan zioen bezala, iragana ere alda daiteke, historiagileek etengabe frogatzen dute hori. Garai bakoitzak bere historia mota osatzen du. Garaipen politiko eta militarren epelean, estatuek iraganari buruzko beren narrazioa zabaldu izan dute, eta hezkuntzaren zein akademiaren bidez egia unibertsaltzat aurkeztu. Hori zama handia dugu oraindik, narrazio edo kontakizunaren monopolio arriskua baitago. Unai Belaustegi, Xabier Irujo eta Iñaki Lopez de Luzuriaga historialariak elkartu eta, euskaratik abiatuz, gure herriaren bilakaera historikoaren sintesia idatzi dute, era dibulgatiboan eta eguneraturik.